viernes, 12 de junio de 2009

III. Kulturunea-Kimuak Laburmetrai Jaialdiak euskal zinea dakar Queretaro, Mexikora

2009/05/18

Ekainaren 16tik eta uztailaren 14a arte Santiago de Queretaro hirian, Mexikoko izen bereko estatuan, III. Kulturunea-Kimuak Euskal Laburmetrai Jaialdia izango da ikusgai. Jaiadiaren antolatzaileak Manuel Gerez del Río, Kulturunea liburudendaren sortzailea, eta hiriko Museoa dira, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Filmategiak urtero bidaltzen ditu Queretarora Kimuak programan aukeratutako euskal laburmetrai hoberenak. Egun Kulturunea liburutegia itxita badago ere, euskal kultura Mexikon zabaltzeko erronkarekin aurrera jarraitzen dute bere sustatzaileek, kimu zinematografiko hauen bitartez.

Queretaro, Mexiko. Queretaroko III. Euskal Laburmetrai Jaialdiak Kimuak programaren barruan azken hamar urtetan Euskal Herrian egin diren laburmetrai onenak erakutsiko ditu. Kimuak Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen duten programa da eta berari esker azken urteetan euskal laburmetraiak munduko hainbat zinemaldietan izan dira ikusgai eta sari andana irabazi dute. Queretaroko jaialdian hamar urteko filmografia honi errepasoa egingo diote, ekainaren 16, 23 eta 30ean eta uztailaren 7 eta 14 ean.

Jaialdi hau Manuel Gerez del Ríok sustatu zuen Kulturunea liburutegiaren kultur ekimenen barruan sortu zen. 'Duela bi urte laburmetrai jaialdia antolatu genuen lehen aldiz, Kimuak programako zuzendari Txema Muñoz-en laguntzarekin. Orduan 1998 eta 2005 bitartean Euskal Herrian eginiko laburmetraien selekzioa eman genuen Hiriko Museoan', azaltzen du Manuelek.

'Ikusleen erantzun onari esker, 2008ko udaran jaialdia Tequisquiapan-eko Kultur Etxera eraman ahal izan genuen, eta aldi berean Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu genituen Lauderiako Eskola Nazionalean, Queretaron. 2007ko Kimuak-eko laburmetraiak emateaz gain euskal kulturaren ikuspegi orokorra ematen saiatu ginen euskal zine, musika, arte eta literaturari buruzko hitzaldiak eginez, Eusko Ikaskuntzaren testuetan oinarrituta', azaltzen du.

Kimu berriak

Urtero legez, udazkenero Kimuak programako uzta berri bat aurkezten da Euskal Herrian eta hilabete batzuk beranduago, Euskadiko Filmategiari esker Queretaron jasotzen dira filmak (baita ere eskatzen dituzten edozein euskal etxetan). Aurtengo uztan hauetxek izango dira ikusgai Queretaron: 'Asämara' (Jon Garaño, Raúl López), 'Autorretrato' (Javi Alonso, Raúl López), 'Berbaoc' (Artelekuko Animazio Lantegia. Vuk Jevremovic eta Xabier Erkizia), 'Cotton Candy' (Aritz Moreno), 'On The Line' (Jon Garaño), 'El tiempo prestado' (David González), 'Tras los visillos' (Gregorio Muro, Raúl López) eta 'Yo sólo miro' (Gorka Cornejo).

Horiekin batera azken hamar urtetako laburmetraien atzerabegirakoa egingo da. Jaialdairen egitarau osoa, blog honetan: http://tlacopan.blogspot.com.

Banduca de Música Tradicional de Asturias y Cantabria en Querétaro